XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mota honetako ahalegin eta iharduera ez da barne-indarraren eta norberaren buruarenganako fidantzaren ondorio; aitzitik, esturari ihes egiteko modu desesperatu bat da.

Mekanismo hau gizabanako batzuek izaten duten izuzko larritasun-oldarretan ikus daiteke.

Daukan gaixotasunaren diagnostikoa fatala izan daitekeena ordu batzuk barru hartzeko zain dagoen pertsona larritasun-egoeran dagoke, jakina.

Ez dagoke, eskuarki, lasai jarrita itxaroten.

Maizenik, bere esturak, zirkinik egin ezinik uzten ez badu, halako iharduera gehiago edo gutxiago frenetikora daramake.

Batetik bestera ibiliko da, aurrean harrapatzen duenari galdezka eta berbaz ariko zaio edo bere lanmahaia garbitzeari ekingo dio edo gutunak idazten ihardungo.

Bere ohizko lanari ekingo dio beharbada, baina besteetan baino lantsuago eta sutsuago.

Nolanahikoa den ere haren ahaleginak hartzen duen bidea nolanahikoa dela ere, esturak bultzatua izango da eta iharduera frenetiko horren bitartez ezintasun-sentimendua gainditzeko joera hartuko du.

Ahaleginak, Kalvinoren doktrinan, beste esanahi psikologiko bat ere bazeukan.

Hain ahalegin etengabean ez nekatzea eta arrakasta izatea, hala egintza moraletan nola sekularretan, aukeratua izatearen seinale argia zen, gehiago edo gutxiago.

Ahalegin konpultsibo honen irrazionaltasuna da ezen, iharduerak, eskuratu nahi den xedea lortzera zuzendu beharrean, norberaren iharduera edo kontrolpearekin inolako zerikusirik gabe predestinatua izan den zerbait jazoko denentz adierazteko balio duela.

Mekanismo hau ezaugarri arrunt ezaguna da neurosi obsesibodunengan.

Horrelakoek, afer garrantzitsu baten emaitzaren beldurretan daudenean, erantzunaren zain daudela, etxeetako leihoak edo kaleko arbolak kontatzen dihardukete; ateratzen zaien kopurua bikoitia bada ongi joango dela dena uste dukete, eta gaizki bakoitia izatera.

Sarriaskotan duda hau ez da kasu zehatz bati buruzkoa, pertsonaren bizitza osoarekikoa baizik, eta, honen arabera, seinaleak bilatzeko jaugin konpultsiboa sortuko da.

Askotan harriak kontatze, solitarioak egite edo dirua jokatze eta abarren, eta estura eta ezbaiaren arteko lotura ez da kontzientea.

Norbaitek bakar-jokoak egiten urduritasun-sentimendu lanbrotsu batek eraginda ihardun dezake eta egiten ari den ihardueraren funtzio ezkutua, hots, etorkizuna igartzea, analisiak soilik desestal dezake.

Kalvinismoan, ahaleginaren esanahi hau erlijio-doktrinaren zati zen.

Hasieran ahalegin moralari zegokion funtsean, baina gerora, (...).